Armairuak Ikean!

Armairuz josita daukagu Durangaldea ere. Armairutik ateratzea, oro har, homosexuala izatearen aitortzarekin lotzen da, konfesatu beharreko zerbait balitz bezala. Konfesioak, gainera, beti dakar berarekin gaizki egin izanaren susmoa. Kontua da, gaizki egiten duen pertsona ez dela armairutik ateratzen dena, baizik eta armairuan egotera kondenatu duena, bere eguneroko praktiken bidez. Esaterako, heterosexual batek sekula ez du konfesatu beharko "ni heteroa naiz" esanez, beste barik halantxik dela uste delako. Ba uste hori duenak ere ahalbidetzen du oraindik armairuak existitzea. Esan beharrik ere ez dago armairuan sartuta egotearen kondena ez dutela homosexualek bakarrik sufritzen. Generalean, gizarteari normatik eskapatzen zaion guztia sartzen da armairuan; hor dago, badakigu, baina hobe ezkutatuta.

Horregatik, izan gay, lesbiana, txakur berde, bost hankako katu, adar bakarreko ahuntz, ardi baltz, txiki, handi, gizon titidun, emakume bizardun edo ez bat eta ez beste. Zure burua armairuan sarrarazi dizutela ikusten baduzu, zabaldu atea indarrez eta eman musturretako bat armairuan egonarazi zaituenari. Aldarri bat egin beharrean gaude, izan nahi dugun hori behingoz askatasunez biziko badugu. Pankarta bat jarri dezakegu Gerediagako miradoretik, hamabi harrietan esertzen zirenetatik batzuk ere armairu barruan egongo zirelako... Armairuak Ikean!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!