Jatetxe horietako batean, Abadiñoko McDonalds-en, osten saiatu da pertsona bat azken astean. Albisteak ez du oihartzun gehiegirik eduki, notizia bat prentsan, tabernako terrazetako elkarrizketa gaia eta espekulazioren bat edo beste. Eta aitortuko dizuet, pena dut oihartzun gehiagorik izan ez duelako, azkenean, lapurreta izatera ere iritsi ez den saiakera batean gelditu delako. Izan ere esperantza txikitxo bat izan nuen, zuri ere igual sortuko zitzaizuna. Desiratu nuen izan zedila inguruko abeltzain bat bere balioaren aldarria oihukatzen, antikapitalista porrokatu bat autonomada bat egiten, edo antiespezista bat mundua irauli guran. Finean, izan zedila sabotajezko ekintza ia poetiko bat, zabaltzeko orduan egon ziren protesten jarraipen bat.
Dena dela, lapur soil bat izateak ere badu bere poesia puntua. Dirua nahi eta kapitalismoaren altzora hurreratu, labanaz sabela ziztatzeko prest. Aukeraketa kontzienteki egin zein ez, herriko fruta-dendan lapurtzea baino hobe da.