Zain

Bizitza osoa zain. Autobusaren zain, kafea hozteko zain, oporren zain, planaren zain, eguna iristeko edo pasatzeko zain, bizitzeko zain, zoriontasunaren zain, hiltzeko zain. Bakoitza berearen esperoan.

XV. mendetik hona ez gara horrenbeste ere aldatu, antza denez, ordurako esana baitzuen Blaise Pascalek “ez gara sekula bizi, bizitzeko zain baikaude beti”. Eta horixe da, ba, gure nahi eta ezina ere; bizitza osoa zain, jubilatzeko zain, jaiotzeko zain, lentejak egosteko zain, ordua noiz helduko zain. 

Ordubetez lagun bati itxaroten egotea tokatu zait, baina ez naiz asaldatu, ez dut ernegatu; gustatzen zait zain egotea, betiere esperoan noiz arte egon behar dudan baldin badakit. Konturatu naiz zain egon behar dugun gehienetan bitarteko materialei heltzen diegula, nagusiki telefonoari, suerte apur batekin liburuari. Kontua da entretenimendua bilatzen dugula etengabe, norbere buruari eusteko mediazio material baten bila, norbere buruarekin egonean egoteari muzin eginez. Aitita-amamak soilik ikusten ditut bankuetan ezerezari begira, denbora-pasa, noizbehinka erlojuari erreparatuz, lasai plantan behintzat. 

Bizitza osoa zain, eta beraz, bizitza osoa entretenimendu bila. Hala bada, saiatu gaitezen, sikiera, entretenimenduek zoriontsu egin gaitzaten, on egingo diguten mediazioak bilatzen, zain gauden dena delako hori iritsi arte. 

Bizitza osoa zain egotea bada kontua, bizi dezagun bizi-bizi itxaronaldia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!