Haur batek erakutsi dit

Haur batek ezingo du bere burua elikatu, ziur asko ezin du bere burua garbitu, ezingo du bere kabuz aterpe bat bilatu. Haur bat bakarrik eta solte uzten baduzu gosez hilko da edo hotzak akabatuko du, salbuespenak salbuespen.

Paseoan nenbilela haur bi nituen aurrean. Haurretako batek urtebete eskas izango zuen, besteak aldiz, bizpahiru. Nagusienak txikienari heldu dio eskua olgetara gonbidatuz. Txikiak, ordea, eskua erretiratu du. Nagusienak ia erreparatu ere ez dio egin keinu horri, besterik gabe onartu du eta bere bideari jarraitu dio; ez haserrerik, ez jeloskortasunik, ez frustraziorik, ez minik. Albokoaren askatasunaren onarpena, horrela bat-batean, ekin aurretik pentsatu gabe, barruko senez, berez eta naturalki askeak garela erakutsiz.

Bere kabuz bizirik irauteko gai ez den haur batek erakutsi dit harremanekiko menpekotasunik ez dugunean eta bestearen askatasuna gurearekin par(t)ekatzen dugunean, orduantxe sentituko dugula maitasuna barrunbeetan borborka, eta askatasunaren izenean deiadarka ibiliko garela, eta zoriontasuna atzamar puntekin laztanduko dugula eskua bihotzera hurreratzen dugun bakoitzean.

Pentsatu momentu batez nola erreakzionatzen duzun norbaitek eskua ukatzen dizunean. Helduarorako bidean galdu genuen nonbait geure buruak bat eta osoak direnaren kontzientzia, eta gure lagunen bidaide baino harreman horien menpeko bihurtu ginen.

Bere kabuz bizirik irauteko gai ez den haur batek erakutsi dit, agian, haurrak direla bere buruaren jabe diren bakarrak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!