Zenbat leiho daude zure etxean? Kontatu, kontatu!
Zenbat ispilu daude zure etxean? Bat, bi, hiru?
Nahi bestetan segi hegazkina hartzen urruneko hirietara, lekutako herrialdeetara, mapa mundian agertzen ez diren lur-eremuetara. Gauza batek ez du bestea oztopatzen.
Leihoek mundua ezagutzeko balio dute, eta ispiluek geure burua ezagutzeko. Dena dela, leihoak ere ispiluak dira, eta ispiluak leihoak. Hau da, mundua ezagutzen dugunean geure burua ezagutzen dugu gehien; eta geure buruak ispiluan islatzen direnean ere, mundu zati bat behintzat ezagutzen dugu.
Begiratu orain etxeko leihotik eta ezagutuko duzu mundua; zoaz gertuen duzun ispilura eta ezagutuko duzu zeure burua. Tartekatu leihoak eta ispiluak.
Egin dezakezu ariketa etxean, baina komeni da noizean behin hegazkin bat hartzea ere, han ere badaude leihoak eta ispiluak. Hori bai, ez pentsa etxekoak baino garbiago egongo direnik derrigorrez, eta bidaiatik bueltatzen zarenean, kontuan hartu hemen geratu denak ere izan dituela leihoak eta ispiluak.