Mundiala!

Pasa den astean zehar jokatu zen Bartzelonan Munduko Pilota Txapelketa. Zer pentsatu handia eman dit orokorrean txapelketak, eta baita konkretuki jazo zen egoera batek ere.

Arretaz jarraitu dut mundiala, baina hurbiltasun eta afinitate pertsonalagatik emakumezkoen paleta partiduei jarri nien atentziorik handiena. Horietako modalitate batean, “30 metroko frontoia” izenekoan hain zuzen ere, ezagun ditudan pilotari bi iritsi ziren finalera Espainia ordezkatuz: Amaia Irazustabarrena hernaniarra eta Maider Mendizabal anoetarra.

Poz handia hartu nuen beraiek finalera iristeagatik, eta irrikaz eseri nintzen ba partidua ikustera. Frantzia ordezkatzen zuen bikotea zuten aurrez aurre: Maritxu Housset arbonarra eta Aizkoa Iturriño baionarra. Gipuzkoar bi lapurtar biren aurka, beraz. (Zorionak laurei!)

Eta, bat-batean, pilotarien hanken atzera-aurreari baino gehiago hasi nintzen erreparatzen zerabilten hizkuntzari. Lau finalista, lau euskaldun, lau euskal hiztun, euskara etengabe zapaltzen duten bi estatu ordezkatzen.

Egoera paradoxikoaz jabetu eta momentu hartan, kantxa hartan, pilota kolpeen eta pilotarien korrikaldien artean, kamisetak ahaztu eta hizkuntza berean komunikatzen diren lau lagun ikusi nituen.

Iparralde-Hegoalde arrakala gero eta zabalagoa den honetan, Bidasoa ibaia pixka bat estutu zela sumatu nuen, bi estatuen mugak banatutako lurraldeak hizkuntza berean pilotan egiten zuelarik. Beste behin, euskarak egin zuen hegan frontera latzaren gainetik; honezkero ikasi diogu Sarrionandiari euskara dela gure territorio libre bakarra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!