Lagun bat eta biok igo gara arratsaldeko azken orduan etxe parean utziko gaituen 5. lineako autobusera. Ohi bezala, zutik geratu gara. Gure aurrean, elkarri begira egoten diren eserlekuetan, adineko andra-gizon bi, bata bestearen parean, aurrez aurre.
Begiratzeko tentazioari eutsi ezinik, haien arteko harremanari erreparatzen hasi gara. Lau hanka elkarren artean ia katramilatuta, bataren eta bestearen arteko espazio hutsei muzin eginez, kontaktua baliatuz, baldar antzean ere bai, tarteka.
Bata bestearen besoak leihoan zehar elkarrengana luzatuta, eta bi esku desberdinen atzamar puntak kiribilduta, elkarri kili-kili eginez bezala. Amodio keinuak eta kontaktu fisiko kitzikagarriak.
Autobusetik jaitsi bezain pronto hasi gara laguna eta biok ikusitako egoerari buruz harriduraz, goxotasunez eta batez ere poztasun handiz berbetan. Izan ere, ez da ohikoa adineko bi pertsonek maitasun keinu hain esplizituak leku publiko batean egitea.
Berbalizatzea asko kostatzen zaigun beste gai bat da pertsona nagusien arteko sexu harremanena. Libertateak aldarrikatzen ditugun garaiotan, arreta gehixeago jarri beharko genioke gai horien kudeaketari ere. Harreman horiek bistaratzea ohikoa ez izateak ez baitu esan nahi inexistenteak direnik.