Etxeko atea zabaltzerakoan, ezkerretara begiratu eta hantxe ikusi nuen, erabat zimeldutako itxurarekin, hostoak erabat makurtuta, petaloen kolore gorri biziak berehalako heriotzaren aurrean amore eman izan balu bezala. Pitxer bete ur hartu eta lur artera bota nion. Konturatu orduko xurgatu zuen ura.
Egunerokotasunean badira sinpleak diruditen irakasgai handiak. Lore batek erakutsi diezazuke zenbat ur eman behar zaion barruari egarriz ez sikatzeko; lore bat ureztatzea ahaztu izanak erakutsi diezazuke zenbat aldiz ahaztu zaizun zure barrura pitxer bete ur botatzea.
Lorea ureztatu eta hurrengo egunean bazirudien denborak egun bi atzera egin zuela. Hantxe zegoen lorea, zoli, petaloak zabal eta hostoak zut. Kolore gorri eta berdeen leherketa zoragarria.
Hala ohartu nintzen nik ere baso bete ur edatean gorputzak beste dimentsio bat hartzen didala, eta gure barruak ere basokadaz basokada ureztatu egin behar direla, zimeldu ez daitezen bederen. Zenbat aldiz ahaztu zaigu loreei ura botatzea? Zenbat aldiz ahazten zaigu barruko egarria asetzea?
Ureztatu izpiritua, ametsak zimeldu ez daitezen eta biziak bizirik jarrai dezan.
Gauza asko irakasten dizkigute eguneroko momentu sinpleek. Arreta jartzea baino ez da kontua.