Indiferentzia dosi handi bat

Axolagabekeria berba garbia da bere horretan adierazten duena adierazteko. Berari gertatu ez zaion gauza batek dardararik minimoena ere sortzen ez dion jende-klasea. Kaka egon dadila, baina norberaren jardinetik kanpo.

Pertsonak badu inguratzen duen zirkulu bat, jardin deitzera ere ausartu naizena. Bada, aipatu jende-klase hori, lorategia ondo atondua duenean, konfort egoera batean murgiltzen da, eta bizilagunaren kaka usainaren aurrean bere loreei usain eginez engainatzen ditu sudurzuloak.

Noiz edo noiz, kiratsa jasangaitza denean, agian hurbilduko da jardin biak bereizten dituen itxiturara eta galdetuko dio kortesiazko “zer moduz zaude?” automatiko bat. Galdera egin orduko saihestuko du erantzuna. Baliagarri suertatuko zaio horretarako partzela bien arteko hesia, pasatzen zaila dela esanda justifikatuko da; abila baita jende-klase hau bere burua zuritzen.

Hori bai, txori txikiren batek bere lorategian kaka egin orduko asaldatuko da, berari ere kaka zirina sartuko zaio. Orain, bat-batean, bere jardin zikindu berriari erreparatu eta oihu egiten du tai gabe, eta laguntzen ez dioten guztiak madarikatu ditu. Nola liteke halako egoeraren aurrean zirkinik ez egitea? Galdera hori behin eta berriro errepikatuagatik ez du erantzun asegarririk asmatzen.

Bata bestearen jarraian eraikitako jardindun etxeen segidak axolagabekeriaren irudia ekarri dit burura. Jakina da, eguneroko kontu txikiak direla bizitzaren metafora garbiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!