Berdinegia

Oroimena presa bat bezalakoa da, eta presa orok bezala beharrezko du beteta egotea, baina baita ihesbideak izatea ere. Atxagaren Obabakoak liburu zoragarrian irakurritako hausnarketa da.

Memoriak eta ahanzturak orekatuta egon behar dute gugan, sentitzeko eta sentitzeari uzteko. Izan ere, badaude oroimen afektiboak, norberaren bizitzari endredatzen zaizkionak, nola sugea akabatu nahi duen gorputzari. Halakoetan, begiek baino askoz gehiago ikusten dute buru-bihotzek. Horregatik, batzuk zokoratu behar diren era berean oso presente izan behar dira beste batzuk, historia ez baita berdina, baina maiz errepikatzen da.

Eta hala nola, destinoak baditu karanbola izugarriak. Autobusean eseri berri gara Iruñera joateko, Durangaldearentzat ahaztezina izan zen martxoaren 31 pasatu eta hamabost egun eskasera. Duela 81 urte zerutik bonbak bota zituzten esku berdinek taberna batean goizaldean izandako liskar bat leherrarazi dute. Eta bolbora oso-osorik irentsi dutenak batzuk baino ez dira izan, leherketaren uhin hedakorrak etxetik milaka kilometrotara eta ziega baten barrura airean bidali dituen berberak.

Durangaldetik Altsasura, bonbek zafratu zuten herri batetik, bonba horiek eskuetan izan zituztenen ondorengoek jipoitzen duten herrira. Historia ez da berdina, baina hain desberdina ere ez. Guk behintzat ez dezagun ahaztu, gero eta desberdinagoa izan dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!