Herio bezainbeste bizi. Hilda bizi direnak eta bizirik hiltzen direnak. Bizitzaren eta heriotzaren artean halako amildegi sumingarria marrazteak ez digu onik egiten, ez. Gertatzen delako gero, uneoro, eta ez dugu espero, eta sorpresaz harrapatzen gaitu eta harritzen gara. Beti beste aldean kokatzen dugulako, haratago, ikusten ez diren lurraldeetan. Heriotza bizitza bera ez balitz bezala.
“Bizitzaren atea dukegu heriotza; Heriotzaren ataria dugu bizitza” Nola adierazi daiteke hobeto?
Eta hantxe, pantailaren aurrean zur, lur eta harri eginda nengoela, Anbotoko lagunen deia, ea idatziko nukeen aste honetarako. Bai, lasai. Eskerrik asko.
Eta hantxe, momentuan sentitu zer idatzi, eta besterik gabe idatzi. Ez naiz originalegia izango, baina bai zintzoa neure gogoekiko. Nik ere niretik idazten dut, Artzerekiko miresmenetik, bere magia eta zirrara gorpuztua, ttipitasunaren izpiritua, izatearen misterioa; berarengandik dudan iruditik, kriskitin batekin identifikatzen dudan zer edo zerekin. Ikimilikiliklik.
Segituko nuke etengabe idazten, oroitza egitearen atseginean murgiltzen, baina kafeak irakin du honezkero.