Injustizia poetikoa

Lorez eta jendez bete dira hilerriak asteon. Lurperatuek lo eternalarekin etorriko ei zen amestutako bakea zapuztuta sentitu izango dute, eta kanposantuko harrek ere lur artean gorde beharko zuten, gorpuak xurgatzearen oturuntza une batez ahaztuta, lur gainetik zetozen pauso-hots eta jendearen joan-etorri etengabeek hala behartuta.

Niretzako, hilerrian paseatzea lasaigarria da, zinez; baina egunotan sortzen da halako masa mugimendu bat tokiotan, haietatik urruntzera zaramatzana, hildakoen bakea espantatzearen konplize izan nahi ez bazenu bezala.

Heriotza, hain presente dugun bazter ezezagun hori. Bizirik dauden hilkorrez baino gehiago gogoratzen gara maiz hil diren bizidunez, eta ez bataz ez besteaz ahaztu behar ez dugunez hobe dugu bataz zein besteaz maizago akordatu. Norbera bere buruaz ere bai, beinke.

Horregatik, jarrai beza joandakoen oroitzapenak, baina egun konkretu batetik harago ere gauzatu dezagun, eutsi diezaiogun duintasun humano pittar bati egun bakarreko kursileria honen aurrean.

Eta ez ahaztu, era berean, bizidunei ere eskaini loreak; lurretik erauziak, plastikozkoak edo marraztutakoak. Baina batez ere, hitzezkoak, sentimenduzkoak, bihotzekoak.

Lurretik erauzitako loreak aipatuta, loreak hiltzea hildakoei oparitan emateko, badu zerbait injustizia poetikotik…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!