Nor zaren?

Nor zaren pentsatzen badaramazu denbora indefinitu bat, urteak bai, zenbat diren esatera ausartzen ez bazara ere. Denboraldi jakin batzuetan existentziaren atzaparrei arretaz begiratu diezu, eta hausnartu duzu izateari buruz, batez ere, atzaparrok azala ondo atximurkatu dizutenean.

Bestetan, piztia gosetia erretiratu egiten izan da, eta orduan bere erpe zorroztuen ferekaren bat edo beste baino ez zenuen nabari. “Hemen jarraitzen dut” esaten ari balitzaizu bezala.

Halako batean, “zer zara?” galdetu dizute, eta zu galdua sentitu zara, urteen joanean “nor zara?” galderan baino ez duzulako pentsatu. Galderaren hitz bat aldatzea nahikoa izan da ia konturatu gabe erraiak lehertzeko, ez zenuen erantzunik prestatuta galdera berriarentzat. Bat-batean ez dakizu zure izena nola izenpetu. Jendarteak exijitzen dizu, eta azkenean zuk ere zeure buruari exijitzen diozu zer bat edo beste. Zenbat eta gehiago luzatu zure curriculuma hobe, orduan eta identifikatuago, sailkatuago. Edozein komunikabide edo zera publikotan agertu behar duzula ere, zure izenaren azpian derrigor bete beharreko errotulu bat egongo da, eta halakoetan hasiberri antza zarenez, sortu zaizkizu hamaika buruko min, eta konturatu zara, amorruz konturatu ere, zure krisi existentzialen atzapar artetik ateratako erantzunek ez dutela balio errotuluetan agertuko den identitate publikoaren piztiari iskin egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!