Sua

Kanpoan euria eta haizea. Beste behin ere tantaz bete zaizkigu etxeko leihoak; gero, markak gelditzen dira. Babak lapikoan egiten ari dira, behetik berotzen duen suari esker, eta sukaldean nabaritzen da halako goxotasun bero bat.

Bitartean, mahaiko ordenagailuan suaren bueltan egiten diren dantzei buruzko erreportaje bat ari da irakurtzen, ikerketa antropologiko bat burutzen ari denetik alde guztietan ditu suaren inguruko materialak. Gogoratu da beheko suari egur sendo bat sartu beharko diola egun guztia amatatu gabe iraun dezan. Horretan ari dela suak aurpegia berotzen dio, eta egur hondarrek sortu duten brasari begira geratu da, hipnotizatuta bezala. Prometeorekin oroitu da, eta dibinitateari zor zaion eskaintza bezala, hari eskerrak emateko beharra sentitu du. Bat-batean, material etnografikoez gain, ingurua sutua duela nabaritu du, babak, ordenagailua, beheko sua eta hipnosiaren denborak utzi dion aurpegia.

Guatemalako Hogar Seguron ere emakumeek ingurua sutua izan zuten, baina atera ezinik geratu ziren, giltzaperatu egin baitzituzten 40 feminizidio eraginez. Mahaitik altxa eta kaleak sutzera atera da, kontzientziak sutan jarri eta barruak erre zaizkien borrokalari nekatuak hauspotzera. Justizia gure eskuetan hartzea da bide bakarra estatuaren justiziak hiltzen gaituenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!