Ez dut kapitulu bat osorik ikustea lortu, nazkatu naiz, higuindu nau. Baina eutsi ahal izan diodan zatiak nahikoa esan dit hari buruz. Prototipo zehatzak elikatzen dira. Pertsonak genero eta onarpen sozialaren araberako rolei kateatuta. Eredu omen direnekin identifikatu eta haien jarrerak erreproduzitzera daramatza ikusle gaztetxo eta bizitzako norabideetan galdu samar dabiltzanak (besteon antzera, bide batez). Beste pertsonaiek ridikulua transmititzen dute, ikusleek ez dute haiek bezalakoa izan nahiko eta bazterketara bultzatzen du horrek. Ridikulua guztiz estereotipatua da gainera, jarraitu beharreko jarrerak bezala. Eutsi diezaiokeenak ikusi dezala kapituluren bat edo beste, eztabaidarako irekita dago idatzi honen egilea.
Dudarik ez dut beste hamaika programa kritikagarri egongo direla, ETBn bertan ere bai, baina honi egokitu zaio gaurkoan, gehienbat gaztetxoei zuzendutakoa delako, eta halako telesail baten bidez nolako baloreak jasotzen ari diren kontuari kezkagarria deritzot.
Indarkeriak gaitzesteko programak, bullyingari aurre egiteko iragarkiak… Telebista publiko honek, beste askok bezala, aurpegi garbia du gaitzespen kanpainekin, baina jendarte honen ondorengotzak bestelako ereduak ditu pantaila aurrean, primetimen.