Publizitateaz, apur bat

Inguru ederrean bizi gara, zer esanik ez, leku magikoa, mitikoa… eta azken aldian tipikoa ere bai. Euskal herritarrei, ez halabeharrez euskaldunei, zuzendutako telebista katean ohikoa izaten da anuntzioetan Durangaldeko parajeak agertzea.

Lagun bati aitu nion behin Euskal Herriak, bere horretan, hau da, hizkuntzarenean, jada ez duela zentzurik. Ipar Euskal Herriaz diharduten anuntzioetan ohikoa izaten da ikurrina eta lauburuak erabiltzea, frantsesez saltzen den bitartean.

Iruditzen zait, mugaren alde batean zein bestean, biziera sinbolikoak prostituitu egin direla; eta horixe, biziera izateari utzi eta sinbolo huts eta hutsal bilakatu direla.

ETBk baserriak erabiltzeak ez du esan nahi nekazarien egoera irribarre batekin marraztu daitekeenik; eta propaganda folklorikoak ez du esan nahi sinbolo horien atzean dagoen herriaren hizkuntzak irribarre egiten duenik. Agian, gure mugak berraztertu beharko ditugu.

Argi dago Euskal Herriaren mugak ez direla euskararenak. Sinboloen bidezko propagandari kasu egiten badiogu Euskal Herria Moskuraino hedatu dezakegu. Eta han goaz Europan zehar, gudari danok, ikurrinan atzean. Hori bai, erdara hutsean; Eroskin erosita baserriak salbatuko ditugula pentsatzen dugun bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!