Historia idazten duenak agian bai, baina historiak ez dio gezurrik; gizakia txori migratzaileen antzekoa izan da beti. Txori migratzaileek, ordea, bueltako bidea aurkitzen dute. Etorri zirenetatik asko gure artean gelditu dira, eta ze aberasgarriagorik hori baino?
Matienan, agian jende pilaketagatik, kuadrilak sortu dira, eta honetan ez da Euskal Herriko beste erdigune eta ertzetatik bereizten. Kuadrila bakoitzaren autonomiak elkarrekiko komunikazio eza ekarri duela zirudien, baina zapatuan indar erakustaldia egin zuen Abadiñoko gazteriak herriko txokorik zokoratuenean.
Ze pena bertan egon ezin izana! San Prudentzioetako gazte egunean, kuadrila autonomoak gorabehera, makina bat gazte batu zen mahaiaren bueltan.
Hezurretaraino erdaldun akonplejatutako periferia honetan gazteok badugu zer esana, bagara, badugu talde izaera eta mugimendurako grina.
Nago, martxa honetan, matienarrak Gerixara igoko direla, eta begietako argiak eragindako su artifizialak ikusiko direla Trañatik, konplejuaren konplejuz erdigune bihurtutako periferia horretatik.