Mundua ez da era honetan aldatzen

Trañako geltokitik Donostiarainoko trenaren bidaia bi orduz luzatzen dela dakigunok kexa besterik ez dugu, baina egiaz, ideia zipitzik ere ez daukagu Mediterraneo itsasoa zein zabala den. Batez ere ito beharrean datozenentzat.

Otegi ere atera da kartzelatik, eta barruan egon den artean izandako presio soziala gizabanakoen maitasun bihurtu da martitzenaz geroztik. Baina maitatzen dugunok sentitzen dugu, eta nekez ahazten dugu, orain zalapartaren goren zoriontsuan bagabiltza ere, negarraren negarraz sufritzen ere ikasi dugula.

Atzo, martxoak 3, Gasteiz odoldu zen. Negarretik amorrua hartu genuenetik oihu egiten ere ikasiak gara, eta isildu daitezela isiltasuna sinatu zutenak, guk ez dugu ez gogorik ez beharrik.

Euskarak leku gutxi du Nafarroan, baina nago, gurean ere metro karratuak txikitzen ari zaizkiola, arnas pixka bat hartzeko leihorik gabe.

Eta emakumeak, ba dagoena ikusi nahi duenarentzat, zer esanik ez. Kolpeka dabilzkigu handik eta hemendik, eta sinestezinezko gihar indartsu batek zutik mantentzen gaitu; borroka deritzo, maitasuna, amorrua… edo beno, dei beza norberak nahi duen gisa.

Mundua ez da artikuluak idatziz aldatzen, eta noski, hemen ez dira zerrendatu munduaren kaka usaintsu eta ederki apaindutako guztiak. Kontuan hartzeko, besterik ez. Motiboak sobera ditugu borrokarako, motibaziorik ez, agi denez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!