Hil

Ahalduntze prozesu interesgarria garatzen ari gara, pertsona oro bere bizitza kudeatzearen abangoardian jarri da eta proiektu pertsonalaren arrakasta garrantzitsua bilakatu da. Baina, kudeatzen al dugu gure heriotza? Erabakitzen al dugu nola hil nahi dugun? Hil aurreko fasea erabakitzen ez duenak gaitz izango du hileta errituala edo ondorengo lutoa aukeratzen, are gehiago, hil ondoren, ez du ziurtasunik izango erabaki duena betetzera iritsia izan den ala ez; baina erabakitzeko eskubidea izan badu, gaitzerdi.


Heriotzaren gaineko kontrola duenak bizitzaren gainekoa ere badu, ez kontrol makala gainera, eta ze kasualitate heriotza erlijio katolikoaren monopolioa izatea.

Baina, nola kudeatzen ditu bizitza eta heriotza, hil aurrekoa eta batez ere hilketa bera eraila izan den batek?

Ez dago gerrara joan beharrik lutoa dastatzeko, nahiko guda badugu geure artean, ia egunero emakumeak hiltzen gaituzte hiriotako kale bazterretan; genero indarkeria ez baita bikotean hasi eta bukatzen, jaio aurretik hasi eta hil ondoreneraino dirau, indartzen eta sendotzen.

Lutoaren epea laburtu egin da, medikatu egiten da, lokartu, nolabait esatearren, ahalik eta bizkorren tristura gainditzeko eta sentitzea beharrezkoa denari muzin egiteko. Baina guk, guk nahiago dugu hilketa bakoitzaren tristurari mendekua gainjartzea, eta hil aurreko fasea disfrutatzea, inork (norberak norbera salbu) ez hiltzea eta hileta errituala nola izatea edo izatea bera ere norbere erabakia izatea. Zer dago, ba, norberarena gorputza beste?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!