Zoragarri

Lagun kuttun batek idatzi nuen testu bat irakurri, eta zoragarri berba erabili zuen. Egunotan pentsatzeko lain ukitu ninduen barrutik hitzak; zoratzeko modukoa, zoragarria. Harritzekoa da zoro hitza egundo ez dela ontasunarekin lotu edo positiboki ulertu, zoragarria, aldiz, esanda bakarrik irribarrea bera ere ateratzeko kapaza da.


Erroari begiratuta ez ezik, orain aipatu ditudan ustezko esanahi kontrajarri horiei hordago, definizio baten zein bestearen alde eginda ere bi hitzok zaku berean sartu beharko genituzkeela uste dut. Zoroa dena txarra bada, gaizkilea, arraroa, ez fidatzekoa... zoragarria, lehen esan bezala zoratzeko gai dena, hura ere aurreko guzti hori sustrai, enbor eta adarra da.

Zoragarria, ahoa betetzen duen hitza, ederra, liluratzen gaituena, finean, zoratzen gaituena, geure orbitatik ateratzea lortzen duena, errutina hausten duena, normaltasunaren lurralde idorreko mugetatik harantzagokoa.

Zoroa eta zoragarria bata bestea erditzen duten hitzak, berbetatik haratago ere bata besteari jaten ematen dioten esanahiak; zoragarria ederra den legez zoroa ere bai, zoroak egiten baitu zoragarria posible. Eta zer da, bada, zoroa? Normaltasunetik irteten dena, ustez beharko lukeen orbitatik ikusezinezko lekuetan barreiatzen den errealitate abstraktuduna.

Zoroek zoratzen gaituzte, zoratuta gaudenean zoragarri bihurtzen gara, eta umetan kristalezko pote gardenetan belar berdeekin gotortzen genituen kilkerren antzeko soinuak eginez zorotasuna hedatzen doa, guztiok zoratu eta lur idorrak emankor eginez, zoragarriak izateraino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!