Atzo hasi zen Korrika, eta tai gabe eskurik esku lekukoa hamaika hanken iparrorratza izango da. Baina zer darabilgu zintzarria bustitzeko bada? Jakina da ez duela balio hamar egunetik ordu erdian, norbere herritik pasatzekotan beti ere, korrika pixka bat egiteak, oihu batzuk botatzeak eta euskaldun garela eta hala ikus gaitzatela indar guztiekin aldarrikatzeak. Ez du balio ez, gainerako minutu guztietan euskaraz egin, bizi eta gozatzeko gai ez bagara. Baina harro sentituko gara gu, beti harro, geu garelako Europa zaharreko herri are zaharragoa, eta gure hizkuntza izan delako mespretxu eta irain ororen diana; biktimismo horretan erori eta halako odol euskaldu-abertzale batek blaitzen gaitu. Gola sartu ondorengo euforia momentu efimeroa.
Ordu erdia (edo ahal dena) korrika pasata, izerdia atera izanaren aitzakiarekin, zerbezatxo bat hartzera joango gara kuadrillan tabernara, ahal bada umeak hartuta, eta umeari merienda euskaraz ematen diogun bitartean azalduko diogu gure kuadrillakide korrikalariari Euriborra igo dela, lankideren bat larrutu eta Euskal Herria askatuko dugula. Gazteleraz, frantsesez… erdaraz, finean.
Hunkigarria izaten da Korrika, hasiera zein amaiera festa, goizaldeko ordu txikietan Nafarroako zein Arabako lautada zabaletan lekukoa gelditu gabe, sokari etengabe tiraka. Hamar egun korrika eginda, gainerako egun guztietan ortozik oinez, lasaitasunez, gozatuz, behatz puntak euskara tantoz josita ibiltzea da bidea, gero lasterka egiten jarraitzeko.