Halloween festa arrotza omen, dirua ateratzeko jai inperialista, ez dakit ba egun nola har daitekeen jai, egun, gau hori; baina ez ei da moda berria, beste izen bateko Halloweena hemen ere izan baitzen. Hala kontatzen dute gure zaharrek: izarekin mozorrotzen zirela eta kalabazekin jendea beldurtu nahi izaten zutela defuntuen egunean, gauean (ikus www.ahotsak.com).
Atzerritik etorri da hilketak kondenatu dituena, akusatuak errudun bihurtu dituena, behingoz, izen eta abizenak egunkarien azaletan inprimatuaraziz. Frankismoaren krimenak ikertzeak, ordea, ez du laguntza larregirik jaso, defuntutzat jo behar diren horiek hilda daudela ere ziurra ez denean. “Goix baten eruen eben, ta ezta barriro etorri”.
Eta bitartean plakak, estatuak, noizbehinka loreak … oraindik lurpeko zein zokotan dauden ez dakigunean. Atzerritik etorri da pausoa, Servinik eman du, bidea zabalik izan baitu hemen hainbat jenderen eskutik. Muga politikoetatik haratago, heriotzak atzerritik konponduko ditugu, atzerriko ohitura zaharra, Halloweenen antzera, hemen ere errotua dela aldarrikatzeko.