Jite bereziak

Apaletan gotortutako liburu zaharrei putz egiten diegun bezala deusezten dugu memoria, geografietan gal dadin, borrokaren erdian etsipenetan itota amore ematen duen piztia bailitzan. Hermann Hesse adiskidearekin hizketan egon naiz, sarri errazago baita liburua zabaldu, eta autorearen hil-harriari hitz egitea, tabako orriarekin birikak ketan itoaz. Hark esan dit estepan badela otso bat, ez beti beldurgarria, baina konstantea, ele zaharretako jauregietan irudikatzen diren erloju salatarien hiltzaile senez.

 

Iraganaz ere hitz egin dugu, suizidioez eta hilketez; baina, batez ere, ahazturaz, progresuaren baitako amnesiaz, isiltasunaz.

Helmugari bakarrik begiratzeko joera errotuta dago, Kavafisekin akordatu gara bidenabar, bidaia gozatzeaz, oh Ulises! Berriz ere Penelope haria deslotzen... Progresuak, ordea, aurrera egiteko diosku,

altxa burua eta segi; ortzemugan begirada tinko hondar ale bakoitzaren duintasunari uko eginez, lausotutako ikusmenarekin ezin bide ertzetako oasiei erreparatu.

Amnesiaren irudi gordina urrun gabe dago, Gibraltarren hautsi dira intxaur-oskolak eta Ceutako hesietan odoletan ito dira; ez jendea, ez zifrak, zenbakiak zero, pertsonak dira. Egingo dute bai gerra gure partez, Hermannek diost errutina goxoa dela eseri eta iraultzari itxarotea.

Isiltasunaz ere mintzatu gara, ahazturaz bezala. Mozart zain daukala esan dit adiskideak, gaur antza utopien sarean kulunkatuko dira. Esan diot, zirrikituren batean geroa ikusten badu, atzera ere begiratzeko.

Esan etorkizunari iragana dugula zain.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!