Usaina

Momentu txar bat edukitzean, arnasa hartu ahal izatearen balioaz jabetzea. Gonbidapen hori egin zuen Gurutze Gorriko boluntario batek, ikasleei eta prentsari zuzendutako bide segurtasunaren inguruko jardunaldi batean. Errepidean egoera gogorrak, gordinak, hauskorrak ikusi izan dituela, eta bere ustez, ez garela konturatzen arnasa hartzeagatik daukagun zorteaz.

Izan ere, arnasa hartzea da gure ekintza primitiboena eta aldi berean oinarrizkoena, jaiotzeko lehen arnasalditik azken hatsa ematerainoko bizitzan.

Izateaz aparte, identitatea osatzen laguntzeko beste dohai bat ematen digu arnasbideak, usaintzea. Ez al ditugu gure bizitzetako momentu eta pertsona asko usainei esker akordatzen? Adibidez, gure garajeko usainak -naturala ez dela jakin arren- txikitan baserrira egiten genituen bidaiak ekartzen dizkit gogora. Aire garbia geneukan han, eta izarrak distiratsu ikusten ziren gauez. Kolonia eta farias usainagaz lotzen ditut frontoietan bizitako partidu egun autentiko haiek. Eta etxean sentiarazten naute goizetako ogi txigortuaren usainak, oheko burukoan jositako fragantziak, edo liburu zahar baten brisak.

Durangaldera kanpotik etorritakoek beti esan izan digute hemen usain txarra dugula. Eta badirudi horretaz konturatzen hasi garela gu ere. Duela aste batzuk eginiko elkarrizketan Eukeni Bastidak esan zidan bere ustez onartua daukagula aire txarragaz bizi behar dugula, gure bizi mailaren ordainetan. Gure identitatearen parte balitz bezala, beraz. Kuriosoa da inondik ere, oinarrizkoa zaigun ekintza primitibo hori arriskutsu bihurtu duen bizimodu bat eraiki izana.

Arnasa astiro hartu, eta gure osasunaren alde egitea izan daiteke lur eta zeruak zaintzeko lehen pausoa, nor izan nahi dugun birpentsatzen hasteko abiapuntua. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!