Maiatza ingurua hainbat gairen inguruan dugun jakinmina asetzeko garaia izaten da gurean. Aurten ere, hitzaldi zikloa antolatu dugu Kainaberatik, eta lau berbaldi egongo dira guztira gurean. Iturrin, 19:00etan hasiko dira hitzaldiok, gehienak eguaztenetan, bat izan ezik.
Eguazten honetan, hilak 16, maputxe herriari buruzko hitzaldia edukiko dugu. Gurean herri horrekin harreman handia duen Wallmapu Euskal Herria elkarteko kideak etorriko zaizkigu berbaldia ematera.
Maiatzaren 25ean, barikua, Siriara begira jarriko gara. Asko luzatzen ari den gerra horren egungo egoeraren eta nazioarteko botereguneek dituzten interesen inguruan egingo digu berba Victo Pozas irakasleak.
Maiatzaren 30ean, berriz, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta izango da gaia. Gurean sarri entzuten ditugu kalean RGI siglekin ezagutzen dugun laguntza horri buruzko zurrumurru gaiztoak. Diru-laguntza hau emateko irizpideak eta bere kudeaketa zelakoak diren kontatuko digute Lanbideko Juan Ibarretxek eta Bizkaiko Gurutze Gorriko Maria Talaverak. Gure aurreiritziek egiatik zer duten ikusiko dugu berbaldian.
Emakume zaintzaile etorkinen egoera
Amaitzeko, hitzaldi berezia izango dugu ekainaren 6an: gurean ezinbesteko lana egiten duten emakume etorkin zaintzaileen egoeraz hausnartuko dugu. Liz Quintana aktibista feminista etorriko zaigu gaiaz berba egitera, eta berekin batera, Elorrion osasun ikastaroa egiten dabiltzan zaintzaileak izango ditugu. Udaleko Berdintasun sailetik ipini da martxan ikastaro hori, eskualdeko hainbat eragilerekin elkarlanean. Osasunaren inguruko formazioa jasotzeaz gain, ikastaroaren helburua herriko eragileekiko eta euren arteko harremanak hobetzea da, isolamendua saihesteko eta Elorrioko emakume migratu eta zaintzaileak ikusarazteko.