Hauek dira domekan Kanpokale eta Arriola kaleen artean batuko garen elorriarron jatorrizko herrialdeak: Aljeria, Bolivia, Kolonbia, Nikaragua, Senegal, Mali, Portugal, Uzbekistan, India, Mexiko eta Euskal Herria. Herrialde horietako janaren eta edariaren usainez beteko dira bazterrak eguerditik aurrera.
Zaporeak elkartekoak gurekin
Janariaren bueltan batuko gara, elikadura eta elkartasuna oinarri dituen proiektu bati laguntzeko. Zaporeak elkarteko kideak Grezian ez aurrera ez atzera dauden errefuxiatuei jatorduak prestatzeko egitasmoagaz dabiltza buru-belarri, eta elkarte horri bideratuko diogu jaian batuko dugun dirua. Gainera, domekan Zaporeakeko kideen bisita ere izango dugu, eta elkartea egiten dabilen lana eta errefuxiatuek bizi duten egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute kulturarteko jaira hurreratzen direnek.