Kolonbiako bake prozesuarekin hasiko dugu aurtengo hitzaldi zikloa

Erabiltzailearen aurpegia Kainabera 2017ko mai. 8a, 22:11

Bariku honetan, maiatzak 12, Ivan Forero exiliatu politikoa izango da gurean, bere herriko bake prozesuari buruz berba egiten. 'Gure munduari begira' hitzaldi zikloko beste bi berbaldiak eguaztenetan izango dira.

Beste urte betez, gaurkotasuneko gaiak landuko ditugu gaiok hurbiletik bizi dituzten hizlariekin. Bariku honetan Ivan Forero exiliatu politiko kolonbiarra etorriko da Iturri kultur etxera. Giza eskubideen aldeko aktibista izateagatik dago erbestean Forero, eta CEAReko kidea da. Kainaberak sorreratik egin du lan Kolonbiako proiektuekin, eta horregatik bereziki hurbil sentitzen dugun herrialdea da Kolonbia.

Bigarren hitzaldian, maiatzaren 17an, CEAR erakundeko bi kide izango ditugu, Europan gaur egun errefuxiatuek bizi duten egoeriari buruz berba egiteko. Hainbat diziplinatako jendeak egiten du lan errefuxiatuen aldeko erakunde horretan, eta gurera Mayte Gamo psikologoa eta Ines Echave-Sustaeta abokatua etorriko zaizkigu, bakoitza bere arlotik gaiari buruzko ikuspuntua ematera.

Amaitzeko, maiatzaren 24an, 'Trump eta Europako faxista berriak' hitzaldia eskainiko digu Victor Pozasek. Nazioarteko gaietan aditua da EHUko irakasle eta HEGOA fundazioko kidea. Nazioarteko panorama politikoan eskumako aukerek hartzen dabiltzan indarrari buruzko hitzaldia izango da Pozasena.

Hitzaldi guztiak Iturri kultur etxean izango dira 19:00etan. Bertan itxarongo zaituztegu!!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!