Orain artekoaren laburpentxoa

Mendi lasterketen denboraldia bere erdigunera iritsi den honetan, orain arteko lasterketen eta inguruko korrikalarion emaitzaz hitz egin nahiko nuke.

Etxetik hastearren, Euskal Mendi Federazioaren kopan honelaxe dago sailkapena 4 proba eginda: nik, 296 punturekin, aurrean jarraitzea lortu dut Bastida Trailen ondoren. Atzetik indartsu dator Ainara Urrutia, 276 punturekin. Lorena Guinaldo (268 p) doa hirugarren, Lorena Campomar laugarren (180p), eta Olatz Aizpitarte elorriarrak ixten du lehen 5 nesken sailkapena, 164 punturekin. Mutiletan Asier Larruzea, Imanol Goñi eta Ander de Luis daude lehen postuetan. Urduñan erabakiko da aurtengo kopako irabazlea, azaroan. Behin behineko lidertza honi esker, Skyrunner World Serieseko proba den Skyrace Comapedrosa (Andorra) lehiatzeko aukera eman didate EMFko mendi lasterkarien hautatzaileek. 

Mundu mailako zirkuitu honen amaiera paregabea Zeanuriko Gorbeia Suzienen izango da eta hantxe elkartuko dira zirkuituko orain arteko probetan lehenbiziko postuetan sailkatu diren korrikalariak. Horietxek izendatu nahi nituzke, azpimarratzekoa baita euskal korrikalarien maila. Oraingoz, hauek dira Gorbeiako finalerako sailkatuak Euskal Selekzioarekin lehiatu direnen artean: Ainara Urrutia (laugarrena izan zen Matheysineko proban, Sara Peña (4. Madeiran eta 5. Garmin Epic Trailen), Maud Combarieu, (5. Madeiran), Ainara Uribarri (9. Hockoning-en), Sandra Sevillano (2. Garmin-en), Nerea Amilibia (7. Garmin-en) eta Ismail Razga (8. Garmin-en).

Euskal korrikalari gehiago ere badaude sailkatuta finalerako: Maite Maiora bigarren doa munduko ranking orokorrean, 6tik 3 probatan parte hartu eta emaitza onak lortu dituelako. Oihana Azkorbebeitiak proba bakarrean parte hartu du oraingoz, baina berau irabazi. Garmin Epic Traileko garaipen garrantzitsuak zazpigarren postuan jarri du abadiñarra rankingean.

Ander Iñarra, Asier Larruzea eta Iñigo Macias ere sailkatu dira finalerako. Aipatzekoa da Iñarra bosgarren doala mundu mailako rankingean.

Gorbeia Suzien aukera ederra izango da euskal korrikalarien maila polita erakusteko; urrira arte itxaron behar, ordea. Bien bitartean, segi dezagun mendiaz gozatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!