Garazi Sampedrok Munduko Kopako lasterketa bat jokatzeko aukera lortu dezake Bastidan

Ekaitz Herrera/ Joseba Derteano 2022ko eka. 30a, 09:27

Garazi Sampedro atxondarra (erdian), Olatz Aizpitarte elorriarra (ezkerrean) eta Nagore Uibarri (eskuman).

Garazi Sampedrok mugarri berri bat ipini dezake bere kirol ibilbidean. Orain arteko lidergoari eusten badio, Euskal Kopako lasterketetan lortzen dabilen erregulartasunari eusten badio, mendi korrikalari atxondarrak Munduko Kopako lasterketa bat jokatzeko aukera izango du.

Andorran jokatuko den Comapedrosako lasterketan lehiatu ahalko da, munduko korrikalaririk onenen artean. "Egundoko motibazioa dut, orain arte sekula ez dut-eta horrelako aukerarik eduki", aitortu du Sampedrok. Horretarako baldintza, baina, bat eta bakarra da: uztailaren 8an Bastidan (Araba) jokatuko den Euskal Kopako laugarren lasterketan lidergoari eustea. Korrikalari atxondarrak marka politak egin ditu orain arte jokatu diren Euskal Kopako lasterketetan. "Mendaron bosgarren egin nuen, Amurrion eta Bedian hirugarren, eta Bastidakoa aurre samarrean amaitzea lortzen badut, lidergoari eutsiko diot matematikoki. Podiuma egin ez arren, laugarren zein bosgarren eginda lehenengo jarraituko nuke Euskal Kopan. Hori lortzen badut Comapedrosan lehiatzeko aukera izango nuke", azaldu du Sampedrok.

Atxondarrak lehenengo amaitu zuen joan zen asteburuan Europako Mendietan jokaturiko Lasterketa Handia. "Gustura" dago emaitzagaz. "Erritmo bizian irten, aurrean ipini eta halantxik amaitu nuen lasterketa", azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!