Euritan dantzan

Hori dio Gatibu taldearen abesti famatuak. Hego haizea joan zaigu eta horixe ekarri digu udagoienak: euria, hotza eta, ondorioz, baita basa ere. Gehienek ez dute gogoko, baina kirolari gutxi batzuek pozarren hartu dute.

Ez dira famatuak, askok ez dute saririk jasotzen, hainbeste maite dute bere kirola ezen ordubete inguru lupetzetan pasatzeko prest daudela. Sufrimendua, nekea eta hotza bidaide dute, baina hori guztia gozamen bilakatzen dute.

Lokatz artean artisten gisa mugitzen dira, artea baita beraien jarduna. Kirol bizia izaki, txokolate artean artez mantentzea nekeza da. Urteen poderioz hedabideen arreta galdu du, ez ordea zaleena. Salda beroa, ogitartekoa eta edari egokia lagun, goiz pasa polita igarotzeko beta ematen duen ikuskizuna da eta. Nola Belgikan, hala Herbehereetan kirola bainoago erlijioa da. Hogeita hamar mila zale elkartzeko gai den modalitate hau nagusi bihurtzen da udazken-negu partean. Sarrera ordaindu ondoren, saltxitxa eta garagardo artean beraien idoloak ikusteko irrikan egoten dira. Tradizioa dute baita produktua ikuskizun moduan saltzeko gaitasuna ere. Telebistak lasterketak zuzenean ematen ditu eta kirolariak izarrak dira.

Hortik urrun gaude zoritxarrez. Zalantzarik ez daukat neguko kirol nagusia izateko osagai guztiak dituela. Telebistaz emateko iraupen egokia dauka eta ikusgarritasuna du alde. Hau guztia baita ziklo-krosa, behar bezala aintzat hartzen ez den kirola.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!