Denborarekin eta perspektibaz, aitzindari horiek egindako bideaz jabetzen zara: egindako apostuaz, izandako buru-hausteez, izan beharreko buru-gogorkeriaz… bidea jarraitzen besterik ez zabiltzanean dena erraza iruditzen zaizu, baina erraztasun horiek ez dira magiaz etorri, aurrekoek egindako lan guztiari esker izaten dira.
Durangaldeak, zortez, hainbat erreferente eman dizkigu Trinket jokoan, (esku-huska batez ere) besteak beste: Ander Martin, Ander Antxia, Mikel Gonzalez, Rober Uriarte eta Asier Aspuru, batzuk aipatzekotan. Hauen aurretik, guztien gidari izandako Kepa Arroitajauregiren eskutik zerotik hasi ziren Unai Martin eta Oier Elorriaga. Eta ez nituzke ahaztu nahi Tornosolo pala taldeko emakumeak. Hauek bai benetako aitzindariak.
Baina, zoritxarrez, gaur egungo gaztetxoen erreferentziak ez datoz etxetik edo bere ingurune hurbiletik. Mundu digitalak dena eraldatu du eta erreferentziak gure kontestu sozialetik oso at dauden figuretatik datoz. Eta gure kirolak ez dira fenomeno honetatik at geratzen, zoritxarrez. Honi aurre egiteko, gaur jokatuko den V. Kepa Arroitajauregi memoriala dugu, erreferentzia izateko lanean diharduen pilotazale talde batek hegoaldeko trinket mundua erreferentzia izan dadin lanean diharduten pelotazaleei esker aurrera doana.
Euskarak askotariko esaerak ditu mezu hau guzti hau laburbiltzeko: gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, soilik pausoak dakar pausoa, eginez egiten da bidea… esapide hauek errealitatean islatzea besterik ez zaigu geratzen orain. Ez dadila haria eten.