Izurtzan kultur astearen bigarren aldia antolatu dute udalaren, Herriko Tabernaren eta Eskuko Racing elkartearen artean. Iazko lehen aldian baino ekintza gehiago egongo dira sei egunetan zehar eta batez ere eskualdeko artistak gonbidatu dituzte.
Ekainaren 18an Izar Gorri, mamuon betiko argi izeneko hitzaldia eskainiko dute. Euskal espedizio batek eskalada bide berri bat ireki zuen iaz Pakistango Mum Brakk II mendian eta orduko abenturak izango ditu berbagai Markel de la Fuente elorriarrak. Musikari dagokionez ekainaren 19an zuzenekoa eskainiko du Pelax musikari donostiarrak. Bere lanik berriena iaz kaleratutako Esan gabe doa da.
Ekainaren 22an, berriz, Durangaldeko Karmele Abaitua, Ixone Asategi eta Naroa Jaio bertsolariek saioa eskainiko dute udaletxeko balkoitik. Horren aurretik bigarren eskuko azoka antolatuko dute. Azokarako izen-ematea ekainaren 18ra arte egin daiteke LOTURA HONETAN.
Egitarauan Iban Gorritiren bidaia-hitzaldia eta erakusketa, kotxe klasikoen topaketa eta Ganso & Ciaren antzerkia ere nabarmendu daitezke. Ekainaren 23an amaituko du kultur astea, Santo Tomas parkean piztuko duten San Joan suarekin. Horren aurretik Zoe Igartiburu elorriarrak eta Alex G durangarrak musika saioak eskainiko dituzte eta Ji-Kunak txalapartariak ere egongo dira.
EGITARAUA
Ekainak 18
19:00 Hitzaldia: Mum Brakk II. 'Izar Gorri, mamuon betiko argi'. Erabilera anitzeko lokalean.
Ekainak 19
19:00 Hitzaldia: Iban Gorriti durangarraren bidaia-hitzaldia. Durango eta Maroko batzen dituen hainbat bidaia egin ditu. Erabilera anitzeko lokalean. Erakusketa ere izango da ekainaren 16tik 26ra, Herriko Tabernan.
Ekainak 20
19:00 Kontzertua: Pelax musikaria. Herriko Tabernako terrazan.
Ekainak 21
Goizean, kotxe klasikoen topaketa. Aparkalekuan. Eskuko Racingek antolatuta.
19:00 Antzerkia: Ganso & Cia konpainiaren Welcome & Sorry. Udaletxeko plazan.
Ekainak 22
11:00 Bigarren eskuko azoka. Udaletxeko plazan.
13:00 Bertsolariak: Karmele Abaitua, Ixone Asategi eta Naroa Jaio. Udaletxeko balkoitik.
Ekainak 23, San Joan Bezpera
19:00etatik aurrera: Zoe Igartiburu eta Alex G bakarlariak; Ji-Kunak txalapartariak. San Joan sua. Santo Tomas parkean.