Elorriar bi izan dituen espedizioak eskalada bide berria ireki du Pakistanen

Joseba Derteano 2024ko abu. 30a, 13:30

Ekaitz Maiz, Josu Linaza, Oier de la Fuente eta Markel de la Fuente.

Pakistanen, eskaladan oraindino gutxi esploratutako mendilerro batean, Markel de la Fuente eta Oier de la Fuente anaia elorriarrek, Josu Linaza igorreztarrak eta Ekaitz Maiz etxauriarrak 7-B zailtasun mailako bide berri bat zabaldu dute. 

Erdialdeko Asiako Karakorum mendi sistemak eskaladarako hamaika aukera eskaintzen du, bost herrialdetan banaturiko 500 kilometrotan. Ikusmena heltzen den arteko tontor amaigabeen artean, zonalde batzuk beste batzuk baino ezezagunagoak dira, eta euretariko asko oraindino esploratu barik daude eskaladaren ikuspuntutik. Lau euskaldunek horietariko bat konkistatu dute oraintsu, eta eskaladarako bide berri bat zabaldu dute. Markel de la Fuente eta Oier de la Fuente anaia elorriarrak, Josu Linaza igorreztarra eta Ekaitz Maiz etxauriarra dira balentriaren egileak.

Laurek esperientzia dute eskaladaren munduan. Esaterako, Markel de la Fuente Yosemite eta High Sierra (Amerikako Estatu Batuak) inguruko pareta ezagunetan eskalatzen aritu zen iaz, eta orduan irten zen Pakistaneko abenturaren ideia. Harrezkero, zonalde bat baino gehiago ikertu dute, eta beste batzuk baztertu, gune "arriskutsuak" zirelako, de la Fuenteren esanetan. Baina, azkenean, aurkitu zuten bila zebiltzana, Sosbun bailararen inguruan. Zonalde hartako informazio gutxi zegoen: zenbait argazki zahar eta iaz Poloniako lagun batzuek hara egindako espedizioa. 

Inork igo bako mendia
Abenturara joan ziren, beraz. "Ez genekien kanpamentu nagusia non ipiniko genuen ere", esan dute. Bailararen erdi inguruan kokatu zuten eta mendiak arakatzeari ekin zioten: bideragarritasuna neurtu, arriskuak baloratu… Hirugarren egunerako erabakita zuten konkistatu beharreko mendia. "Kakotx artean esanda, nahiko segurua zela ikusi genuen. Gainera, inork igo bako mendia zen, eta, bide berria zabaltzeaz batera, tontor berri bat egiteak motibatu egiten gintuen", gogoratu du de la Fuentek. 

Ez zen lan erraza izan, eguraldiagaitik, besteak beste. Egun bitan hormako lehenengo metroak finkatu ondoren, ondorengo hamar egunetan ezin izan ziren bueltatu, eguraldia "erdipurdikoa" zelako. Baina komeriak ez ziren hor amaitu. 400 bat metroko garaieran, de la Fuenteri hondatu egin zitzaion esku artean zuen zulagailua, zulo bat egiten zebilela. "Zulagailurik barik jarraitzea arriskutsu ikusten genuen eta jaistea erabaki genuen", argitu du. Egun eta erdian atseden hartu, ordezko zulagailu txikiagoa hartu, eta berriro gorantz jo zuten. Bigarren ahaleginean, bidea osorik zabaltzea eta tontorrera heltzea lortu zuten. Hiru egun behar izan zituzten igo eta berriro jaisteko. 

'Izar gorri, mamuon betiko argi'. Izen horregaz bataiatu dute 1.140 metroko bide berria. 7-B zailtasuna du arrokako graduan, eta M-4 pioleteko graduan. 

Esperientzia "berezia"
Udaberrian beste bide bat zabaldu zuten Pirinioetan, Marboré inguruan. Beraz, alde horretatik Markel de la Fuentek bazuen aurretik esperientzia, baina oraingo hau "berezia" izan dela esan du: "Lehenengo aldia nuen horrelako espedizio batean eta hain pareta handia zabaltzen". Ekaitz Maiz, ostera, zailduta dago antzerako abenturetan, ezaguna da horregaitik, eta bere esperientzia eta jakituria funtsezkoak izan dira. "Bera izan da liderra. Urte asko daramatza mundu osotik bide gogorrak zabaltzen. Europan dagoen erreferenteetariko bat da", goraipatu du de la Fuentek. 

29 urteko elorriarrari "pena" bakarra geratu zaio Pakistaneko abenturatik: lehenengo egunetako eguraldi txarra. "Eguraldi hobeagaz eskalada gehiago egiteko aukera izango genuen", adierazi du. Baina, orokorrean, "oso pozik" dago bizitako guztiagaz. "Erronka handia zen. Leku arrotz batean zaude, 6.000 edo 7.000 metroko mendiz inguratuta, eta erreskatea konplikatua den zonaldean. Bildur apur bategaz joan nintzen. Azkenean, esperientzia berria eta positiboa izan da", baloratu du. 

Eta datorren urtean, zein da asmoa? "Bizi izandakoa barneratzen nabil oraindino, baina baditugu ideia batzuk: Pakistanen bertan, Kirguistan… Irtengo da planen bat, hori seguru", esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!