Izurtzako jaietan askotariko ekintzen barruan, bada bat apurka izena hartzen dabilena: Gertufest. Jaialdiak artea, kultura eta festa uztartzen ditu eta Santo Tomas parkean egiten da. Aurtengoa hirugarren aldia izango da eta nobedade handi bategaz dator: egun batean barik egun bitan egingo dute, irailaren 6ko barikuan eta irailaren 7ko zapatuan. Irailaren 6an arratsaldean egingo dute, eta nagusiei zuzenduta dago, batez ere. Irailaren 7an, goizetik eguerdira egongo dira ekintzak, eta gehienbat umeei eta familiei zuzendurikoak izango dira.
Antzerki saio laburrak
Gertufest Batzordearen, Izurtzako Udalaren, Korrala Sormen Gunearen eta boluntarioen artean antolaturiko jaialdiak nobedade gehiago ere badu. Esaterako, lehenengoz, antzerki saio laburrak antolatu dituzte, bost-hamar minutukoak. Santo Tomasen sortzen den giroari ondo doakion formatua dela uste du Cecilia Paganini ekimeneko antolatzaileetariko batek. Formatu horren barruan, bilbotar batzuen Lambe-lambe txotxongilo ikuskizuna, aleman bat gidari duen The flea zirkus zirku ikuskizuna, eta Iurretan bizi den Alfonso Diezen magia saioa izango dira.
Zaldiko-maldiko ekologikoa
Egun bietan zaldiko-maldiko bat egongo da parkean, umeen gozagarri. Funtzionamendu berezia duen atrakzioa da, pertsona batek bizikleta batean eragindako pedalkadak dira-eta zaldiko-maldikoa bueltaka ipintzeko 'motorra'. Zaragozako gazte batzuk dira ingurumenerako jasangarria den atrakzioaren sortzaileak. Zaldiko-maldikoak barku pirata baten itxura du, eta, ildo horretatik, Al abordaje du izena euren ekimenak.
Piknik lehiaketa
Gertufesteko beste nobedade bat irailaren 7ko piknik lehiaketa da. Asturiaseko herri batean horrelako lehiaketa bat egin zuten eta handik hartu dute ideia. Belardian mahai-zapia zabaldu eta nork bere gustuko landa-bazkari bat atontzean datza lehiaketa. Irabazleak askotariko produktuekin osaturiko otzara bat irabaziko du.
Zirku-karpa parkean
Gertufestera doanak ezohiko osagai bat ere ikusiko du aurten: zirku karpa. Ikuskizun bi hartuko ditu: zirkua, dantza eta clowna uztartzen dituen Boluda Kabareta, eta Hariak Zirkus izeneko txotxongilo ikuskizuna.
Jaialdiko beste osagai bat musika da. Egun bien artean, bost musika talderen kontzertuak izango dira.