Sasoi batean, jaietan ez ezik, dantzaren inguruko bestelako ekitaldietan ere parte hartzen zuen Mendigainek, hala nola Durangaldeko Dantzari Dantza egunean eta Bizkaiko Dantzari Egunean. Gerora, azken urteetan, jaietara eta San Nikolas egunera mugatu izan dituzte euren saioak. Baina 2022an eta 2023an ezin izan zuten taldea osatzeko adina kide batu. Arrazoia da urte askoan ibilitako dantzariek beste konpromiso batzuk izan dituztela, eta, gainera, atzetik ez da etorri eurak ordezkatuko zituen erreleborik.
Baina orain berriro denbora hartu dute entseguak egin eta saioak prestatzeko, eta bueltatu egingo dira. Jaietan hamasei dantzari arituko dira, zortzina gizon eta emakume. Batzuk Durangaldeko beste herri batzuetako dantzariak dira. Oraingoa ez da hori gertatzen den lehenengo aldia, dantza taldeko kideen esanetan. Aurretik ere, momentu puntual batzuetan, herritik kanpoko dantzarien laguntza izan dute saioak aurrera ateratzeko.
Dantza saio bi
Izurtzako jaiak gaur hasiko dira. Tradizioari eutsiz, domeka honetako jaieguna Santa Ageda ermitaren inguruan ospatuko dute eta Mendigain dantza taldeak hantxe egingo du lehenengo saioa, 12:00etan. Baina beste saio bat ere izango dute, irailaren 7ko zapatuan, Santo Tomas parkean, Gertufest jaialdian. Bietan lau-bost txistulariren laguntza izango dute.
Ekitaldi bietan antzerako saioa egingo dute. Zortzi dantzarigaz Dantzari Dantzako zenbait dantza egingo dute lehenengo, eta, ondoren, hamasei dantzariak batera arituko dira.
Etorkizunera begira, "ikusi egin behar", esan dute. Printzipioz, jarraitzeko borondatez bueltatu dira, baina denborak esango du hori.