Musikari dagokionez, Xaiborren iazko emanaldiak harrera ona izan zuen udaleko ordezkarien esanetan eta aurten berriro ekarriko dute, irailaren 9an. Baina, aurten, arratsaldean beharrean, prime time-ean programatu dute, tortilla txapelketaren eta herri afariaren ostean. 22:30etik aurrera, berak izango du izurtzarrak dantzan ipintzeko ardura.
Ohiturari eutsiz, domeka honetan Santa Ageda ermitaren inguruan egingo dute jaia. Iurretako dantza taldeak saioa emango du eguerdian, eta, ondoren, bazkaritara batuko dira. Arratsaldean, Alazne Etxebarriak Bikote bila monologoa eskainiko du, eta gauean Lotxo taldearen erromeria egongo da.
Gertufest
Iazko arrakastaren ondoren, Gertufest jaialdiak bigarren aldia egingo du, irailaren 8an, Santo Tomas parkean. Korrala sormen gunearen, udalaren eta herritarren artean antolatu dute. 17:00etatik aurrera artisauen azokagaz, askotariko ikuskizunekin, umeentzako jolasekin eta ipuin kontalariekin gozatu ahalko dute bertaratzen direnek.
Gertufesten ikusgai egongo diren ikuskizunen artean daude Juana Geyser y la Imaginaria Banda Musical taldearen musika-performancea, Oztopo ta Jarrai-ren txalaparta, Quico Pugés-en musika, Breaking Durangaldea taldearen break dance saioa, Naita Produkzioak konpainiaren Mito izaki eta kondairak mikroteatroa, Trotamundos konpainiaren zirkua, Pabloa Savalaren grafiti sorkuntza eta Les Sauvage DJa.
Jan-edanerako aukera ere egongo da Iruntziren eskaintza beganoagaz (takoak, hanburgesak, taloak…) eta Johanaren enpanada argentinarrekin.
Azokan honako postuak batuko dira: Art-IZAR, EskuARTE, Birak Orbita, Jandameida, Parared.a, Nomadak graphiks, MuyTú, GoraKat, Flamenca y Morada, BioBizi, Monica Alonso, Xaboi Punpuila, Amalur, Kukupraka eta Mai Mai sorkuntza.