"Herriko Taberna utzita, niretzat eta ilobentzat denbora izango dut"

Aitziber Basauri 2023ko mai. 30a, 08:48

Ana Zendoiak (Villabona, 1965) lau hamarkada eman ditu tabernan lanean. Villabonan lehenengo, eta Izurtzan ondoren. Gustuko lana duela dio, baina erretiroa hartzeko ordua heldu zaio. Hunkituta, bezeroei eskerrak emateko aprobetxatu du.

Erretiroa hartzea erabaki duzu. Zeintzuk sentsazio dituzu? 
Sentsazio arraroak. Pozik nago, baina pena ere ematen dit. Baina bizitzaren legea da. Urte asko dira eta nekatuta nago. Beste era bateko bizimodua izango dut orain: ilobak eskolara eraman, haiei errieta apur bat egin, eurekin barre egin ere bai… Neuretzat eta ilobentzat denbora gehiago izango dut. Loreak asko gustatzen zaizkit eta horretan arituko naiz; ortu txiki bat ere ipiniko dut.

Zer izan da zuretzat Izurtzako Herriko Taberna?
Neure etxea izan da [hunkituta].

Izurtzan jarraituko duzu.
Bai. Behinola Durangon bizi izan ginen zati batean, tabernan konponketa batzuk egin behar zirelako. Pisuan itolarria sortzen zitzaidan. Gurago dut Izurtzan, etxetxo batean, kalera irteteko aukeragaz.

Zer esan dizuete bezeroek?
Orokorrean, poztu egiten dira nigaitik. Baina orain zer gertatuko den galdetzen didate, gu joanda ea nor etorriko den, ea tabernak orain arteko moduan jarraituko duen. Ez dakigu nor etorriko den, urdaiazpikoa aldatuko duen ala ez, zer eskainiko duen… etortzen denak zorte ona izan dezala.

Leku askotatik etortzen dira Izurtzara urdaiazpikoa jatera.
Bai. Gasteiztik, Zornotzatik, Eibarretik, Durangotik... Inguru honetan ezagunak garela esango nuke. Urdaiazpikoa, solomoa, gazta... errazioak eskaintzen ditugu. Gu etorri ginenean halantxik egiten zuten tabernan, eta berdin jarraitzea erabaki genuen. Orain ez dakigu zer gertatuko den.

Taberna elkargune inportantea da herritarrentzat?
Izurtza lako herri txiki batean beste poztasun bat ematen du tabernak. Itxita dagoenean, herriak tristura apur bat ematen du, inor ere ez dabil eta. Ez dago dendarik, ez dago leku bat apur bat egotera joateko. Bada, inor ez egonda ere, taberna zabalik badago, argia isiotuta, ematen du herrian badela zerbait.

Suhiagaz partekatzen duzu lana. Ondo konpontzen zarete?
Bai! Noizbehinka katramila batzuk izaten ditugu, baina ondo konpontzen gara. 

Tabernako barra konfesatoki bategaz konparatu izan duzu. 
Halantxik da. Eta isilik egon behar da. Tabernariak abade zaharrak gara. Barraren atzean gauza asko ikusten da, onak, txarrak… Askotan esan didate 'zuk jakingo duzu ba...'

Beti lan egin duzu tabernan?
Bai, beti gustatu zait. Gozotegi batean lan egin gura nuela esaten nuen umetan, pastelak izugarri gustatzen zaizkit eta. Bestela, diskoteka edo pub batean, musika ipintzeko. Azkenean, tabernan hasi nintzen lanean, Villabonan, senarragaz. Gero Izurtzara etorri ginen.

Aldaketa handia izan zen?
Bai, baina nahiko ondo moldatu naiz. Oso pozik nago Izurtzan. Taberna utziko dut baina pozik nago, bertan geratuko naizelako. Tabernara bisitan etorriko naiz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!