Foseco enpresako langileek batzar luzea egin dute gaur. Hainbat aukera aztertu dituzte. Azkenean, astelehenean egun osoko greba egitea erabaki dute. Enpresaren ate aurrean elkarretaratzea ere egingo dute. Izurtzako enpresa ixtea eta hango ekoizpena Alemaniara -Borken barrutiko plantara- eramatea aurreikusten du Vesuviusek. Beraz, Izurtzako enpresako 42 langileren lanpostuak arriskuan daude.
Ikusteko dago langileak beste nonbait birkokatzeko aukera eskainiko duten edo aurre-erretirorik proposatuko duten, beste aukera batzuen artean. Esaterako, Igorreko plantako ekoizpena handitzea aurreikusten dute eta baliteke langile batzuk han birkokatzea. Edozelan ere, presidenteordeak adierazitakoa jakin ostean langileak berriro batzartuko dira egoera aztertzeko, ELA sindikatuko ordezkariek jakinarazi dutenez.
ELA sindikatuak erakundeetara -Izurtzako Udalera, Eusko Jaurlaritzara zein Bizkaiko Aldundira- jotzeko asmoa adierazi du erakunde horien inplikazio bilatzeko eta ahal den neurrian presioa egin dezaten.