Orain aste bi greba mugagabea iragarri zuten Foseco enpresako langileek, baina azkenean atzeratu egin zuten Vesuvius taldearen asmoak jakin arte. Vesuvius taldeak berregituraketak eragingo dituen ondorioen berri eman dio Fosecoko zuzendaritzari eta honek langileei jakinarazi die. Izurtzako enpresak ez du tokirik Vesuviusen etorkizuneko egituran eta ixteko asmoa dute. Ondorioz, 42 langileren lanpostuak arriskuan daude.
“Guk ez dugu enpresaren deslokalizazio hau onartzen eta enpresa honen etorkizuna bideratuko lukeen proiektu industriala eskatzen dugu. Lanpostuei eustea eskatzen dugu. Lanpostuen birkokatzeak eta aurre-erretiroak egongo direla irakurri dugu hedabideetan, baina guri zuzenean ez digute ezer proposatu. Edozelan ere, ez dugu neurri traumatikorik onartuko”, adierazi du ELA sindikatuko Fernando Alonsok.
Astelehenean helduko dira enplegu-erregulazioko expedienteren inguruko dokumentazioak, baina zuzendaritzak langileekin hartutako konpromisoa dela-eta, ERE horien kontsulta epea irailera arte atzeratuko dute eta urriaren amaiera ez da arte kaleratzerik egongo, ELA sindikatutik informatu dutenez. Une honetan Fosecoko langileak batzartuta daude zer egin erabakitzeko.