Esaterako, joan zen astean jakin zen Bizkaiko herri batean zentro berri bat ireki dutela. Durangaldean ere aurkitu daiteke beste adibide bat: Etxaburu dorrearen ondoan dagoen Izurtzako aterpetxea,
hain zuzen.
Zornotzako zentrotik igarotzen dira lehenengo, eta, gero, beharraren eta kasuen arabera, beste gune batzuetara bideratu ditzakete. Aldundiaren jabetzakoa zen aterpetxea lehenago ere erabili izan dute urte batzuetan helburu berdinagaz. 2007an ireki eta 2014an itxi egin zuten, urte hartan jaitsi egin zelako atzerritarren kopurua.
Iaztik hona kontrakoa izan da joera, eta aurten berriro ireki ditu ateak. Apirilaz geroztik, adin txikiko etorkinak hartzen ditu. Apirilean etorri ziren lehenak, eta abuztuan beste batzuk gehitu zitzaizkien. Aldundia Izurtzako udalagaz hartu-emanetan jarri zen martxoan, aterpetxearen erabilera berriaren berri emateko. Gazteak Izurtzan erroldatuta daude. Horrela, besteak beste, gaixorik daudenetan Izurtzako osasun zentrora joan daitezke.
Jaietan parte hartuz
Aterpetxeko gazteak Aldunditik jarraitutako programari lotuta daude eta gizarteratzeko prestatzen dituzte. Ildo horretatik, tokian tokiko herritarrekin hartu-emanak sustatzen dira. Izurtzan esperientzia bat baino gehiago izan dute. San Joanetan txokolatea prestatu eta banatu zuten herritarren artean, eta jaietan patata-tortilla txapelketan parte hartu zuten. Antzerako ekitaldietan parte hartzeko gonbidapenak gustura hartzen dituztela azaldu dute udal arduradunek.