Etxaburu dorrearen ondoan dagoen zentroak adin txikiko atzerritarrak hartu ditu 2007tik hona. Landalan elkarteak kudeatu du zentroa, eta gazte horien gizarteratzean eta emantzipazioan lan egitea izan du helburu. Ekainaren 30ean itxiko dute zentroa. Pablo Amezaga Izurtzako eta Zornotzako zentroetako pedagogia zuzendariaren esanetan, “Bizkaira heltzen den adin txikiko atzerritarren kopurua urterik urtera jaisten ari da, eta horregatik erabaki dute ixtea”. Gazteak emantzipazio pisuetan kokatuko dituzte.
Izurtzan egon diren zazpi urteetan “herritarren partetik oso harrera ona jaso dugu, sekula ez da arazorik sortu”, eta sanjoanetarako hainbat ekitaldi prestatu dituzte, esker ona adierazteko. Ekainaren 23an, 18:30ean, gaztelu puzgarriak ipiniko dituzte Santo Tomas parkean. Esker ona adierazten duen plaka bat ere egin dute Izurtzari emateko. Azkenik, gazteen eta monitoreen artean kozinatutako bildotsa banatuko dute bertaratutakoen artean.
Zentroa hutsik dago astelehenaz geroztik, baina, dena garbitu eta txukundu ostean, hilaren 30ean itxiko dute ofizialki. Eraikina Aldundiaren jabetzakoa da. 12-17 urte arteko gazteak egon dira han: “Ez dakigu kopuru zehatza zein den, baina gehienez hogei laguneko taldea izan da, eta azken aldian hamar egon dira”. Izan ere, azken urteetan ia erdira jaitsi da Bizkaira heldu den gazte atzerritarren kopurua: “2007an 400dik gora heldu ziren, eta iaz 243”, adierazi du Amezagak.