Inkisizioan kokaturiko antzezlana da Errautsetatik erne, emakumeei buruzkoa. “Istorio oso hunkigarria da”, azaldu du Enbeitak: “Antzezlanaren barruan abesbatza dago, eta une batzuetan hunkitu egingo da publikoa. Protagonistetako batek 82 urte beteko ditu, eta zelan lan egiten duen ikustea ere izugarria da”, dio Enbeitak: “Hain zuzen, estreinaldian gure herriko gizonak negarrez ikustea izan da gure lorpenetako bat”.
Edozein injustizia jasaten duten andrei omenaldia egin gura diote antzezlanagaz. Enbeita zuzendariaren berbetan, “Inkisiziotik urte asko pasatu da, baina oraindik ere edozein motibogatik hiltzen gaituzte emakumeak”.
Herrian hainbat lagun emakumeen ahalduntze beharraren inguruan kontzientziatuta zeudela kontatu du Onintza Enbeitak, eta teoriatik praktikara pasatzeko moduren bat behar zutela. Horretarako, ezin aproposagoa izan da antzerki taldea sortzea. “Urte askotan ikusezin izan diren emakumeak bistara ateratzeko modua izan da”. Izan ere, beste herri askotan bezala, Muxikan ere, “auzoetan dispertsatuta” bizi izan direla beti azaldu du Enbeitak, eta antzerkiari esker, hainbat emakumek harreman naturala garatu dutela.
Gure etxe bakarra lanagaz hasi zuten emakume muxikarrek antzerki munduko ibilbidea, duela urtebete. Azken 60-70 urteetako Muxikako emakumeen bizimodua kontatu zuten.
Lehenengo antzezlanean 40 emakumek parte hartu zuten, eta esperientzia betegarri hark beste 15 emakume erakarri zituen hurrengo proiekturako. Enbeitaren berbetan, horrek erakusten du, parte hartzeko aukera ematen zaionean, jendeak erantzun egiten duela.
Emanaldi guztietan publikoak harrera oso ona egin diela azpimarratu du Enbeitak: “Jendea ohartzen da ez garela profesionalak, borondatez eta intuizioz dihardugula, eta asko baloratzen du egin dugun lana”.