LABeko Iratxe Delgadoren esanetan, "etxebizitzaren auzia herritarren kezka nagusi bihurtu da azken urteotan", eta gaia agenda mediatikoan sartu da "Madrilgo Mari Carmenen etxegabetzea eta eragile sozialen urte luzeetako antolakuntza-lana tarteko". Alabaina, egoera "jasangaitz" horren zantzuak atzeragotik datozela esan du, "etxebizitzen eta alokairuen prezioa bi bider gehiago igo delako soldaten igoeren aldean". "Eta pentsioek gora egin duten arren, gehiago igo da etxebizitzaren prezioa. Norabide horrek pobretzea dakar", ohartarazi du Delgadok. ELAko Xabi Zabalak ere ildo horretan berba egin du. "Azken hamarkadan alokairuaren eta etxebizitzen prezioak %60 igo dira, baina soldatak ez dira neurri berean igo", esan du. Horregaitik, greba orokorra presioa eragiteko tresna izan daitekeela iritzi diote ELAk eta LABek: "Etxebizitzagaz negozioa egiten duen patronal horri erantzun egin behar diogu, bankuei, promotoreei zein etxe-jabe espekulatzaileei. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Aldundiek eta udalek eskumen zabala dute etxebizitza politikan esku hartzeko", azaldu du Delgadok. "Etxebizitzak eraikitzeko aurrekontua handitzea eskatu behar diogu Eusko Jaurlaritzari, eta alokatzaileek dituzten pribilegio fiskalak kendu", proposatu du Zabalak.
Bilboko manifestazioa 12:30ean irtengo da, Arriagako plazatik. Eskualdean, oraingoz, Durangokoa lotu dute. 18:00etan hasiko da, Landakoko tximinian.