Iurretako Udalak atzo jarri zuen indarrean Bidebarrieta kaleko sarbidea kontrolatzeko bideozaintza-sistema. Hartara, kale horretan oinezkoen tartea erregulatuko da Herritarren Arretarako Zerbitzurako (HAZ) bulegoraino: Bidebarrietan garajea duten baimendutako ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahalko bide horretatik.
Udal arduradunen bertan, bideozaintza-sistemagaz ordenantza betetzen dela eta HAZren bulegoagaz lotzen den tartea oinezkoentzat izango dela bermatuko da. "Egoiliarra ez den trafikorik gabe ingurune lagunkoia eta irisgarria finkatzea" izan du helburu udalak.
Dena den, Bidebarrietan garajea duten herritarrek aukera dute oraindik kale horretara sartzeko baimena eskatzeko, udaletik jakitera eman dutenez. Era berean, prozedurari buruzko informazioa behar izanez gero Udaltzaingoaren bulegoetara jo behar dute, "ahalik eta lasterren beren egoera erregularizatzeko".
Lanak amaitutzat eman dituzte
Bideo-zaintza sistema jarrita udalak amaitutzat eman ditu Bidebarrieta kalearen erdaketa lanak. "Espazio publikoa herritarrei bueltatu zaie eta bertako bizilagunentzako eta oinezkoentzako ingurune lasaia eta erabateko bizikidetzakoa ziurtatzen da, udalerrian gauzatzen ari den hiri-egituraketarako plan integralaren barruan", azaldu dute udal arduradunek.
Bidebarrieta kaleko berrurbanizazio lanek 1.002.779 euroko inbertsioa eskatu dute. Lehen zeuden aparkalekuak ordezteko egoiliarrentzeko aparkaleku berria egokitu zuen errepidearen beste aldean, 94 lekugaz.