Egun berean, paella txapelketa ere egingo dute, tabernariek antolatuta. Arratsaldean kirol ekitaldi gehiago egongo da, Kepa Arroitajauregi frontoian: esku pilota eta pala partiduak, besteak beste. Gauean musika izango da protagonista. Rumbo Tijuanak kontzertua emango du Askondon, eta 22:30ean Eusko Princess, Sedientos de Cumbia eta Zeker talde elorriarrak kontzertua joko dute; ondoren, Txirri eta Mirri musika jartzaileek goizaldera arte ipiniko dute musika. Domekan umeen eguna ospatuko dute eta aurtengo sanmigel jaietako nobedadeetariko baten txanda izango da: 10:00etatik 13:00etara bitartean, auto klasikoen erakusketa egingo dute Maspeko aparkalekuan. Irailaren 28a egun berezia da iurretarrentzat, eta giro berezi hori goizetik igartzen da herriko txoko-bazter guztietan: goizean Montoi bueltan eta arratsaldetik aurrera plazan, batez ere, baina baita herri osoaren luze-zabalean. 18:30ean Doniel Atxa altxatuko dute, eta, ondoren Iurretako dantzariek azken entsegua egingo dute. 22:30ean Aittuk bere erromeria doinuak joko ditu plazan.
Bigarren astebururako ere indarrak gorde beharko dira, egongo da-eta zertaz gozatu. Urriaren 2an Pescaito Eguna egingo dute; iluntzean ekingo diote, El Reciclador 10 bakarlariaren kontzertuagaz. 19:30ean izango da, Dantzari plazan. Tortilla lehiaketa eta bertso saioa ere urteroko hitzorduak izango dira. Maddi Ane Txoperenak, Nerea Ibarzabalek, Maialen Lujanbiok, Unai Iturriagak eta Amets Arzalluzek egingo dute bertsotan, eta Ainhoa Urienek ipiniko dizkie gaiak. Gauean Oxabi, Xaukena Xauk eta Totozer MJ artistek girotuko dute plaza.
Apirileko Feria
Urriaren 3an ohiko Mozorro Eguna ospatuko dute. Aurten Sevillako (Espainia) Apirileko Feria ekarriko dute Iurretara. Herri bazkariak eta kuadrillen ikuskizunek jantziko dute eguna. Zapatua borobiltzeko, Skabidean eta Errota taldeek kontzertua emango dute; plaza dantzan ipiniko dute euren doinuekin.
Horren guztiaren ondoren baten bati indarra geratzen bazaio, Errosario Egunean ere izango du zer egin eta zegaz gozatu. Egun horretan herri kirolak, dantza saioa eta nekazaritza eta artisautza azoka egingo dituzte, besteak beste. Gauean herri afaria eta erromeria egongo dira, Lorratz taldeagaz. Ohiko bertsoak kantatuta emango diete amaiera jaiei.