Gai bakarra eztabaidatzeko ez-ohiko udalbatzarra egin dute Iurretan, gaur: etxebizitza larrialdia. Eta, EH Bilduk epe motzean hartzeko proposatutako hiru neurrietatik bat onartu dute Alokairuen ahalegin-indizea eguneratzea eskatu, eta datuek hala adieraziz gero, Iurreta tentsio handiko eremu izendatzeko eskaria egingo du Iurretak Eusko Jaurlaritzari. Aho batez onartu dute.
EH Bilduk azaldu duenez, Iurreta tentsio handiko eremu izendatzea ezinbesteko neurria da etxebizitzen alokairuaren prezioa kontrolatzeko. Izan ere, "argi" du iurretarrek etxea ordaintzerakoan egiten duten esfortzua neurtzen duen indizea %30etik gora dagoela. Iurretarren errenta pertsonala 23.875 euroko zen 2023an, EUSTATen arabera, jakitera eman dituzten datuen arabera. "Durangaldeko bajuena da. Ostera,. alokairuaren prezioa eskualdeko hirugarren altuena zen —Durango eta Zornotzaren atzetik— iaz: hilean 659 euro, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren arabera", azaldu du Maier Alberdi zinegotziak.
EH Bilduk gaineratu du, Iurretan 1.743 etxebizitza zeudela 2023an, EUSTATen arabera. "Gaur egun, 2.000 etxe inguru dauela kalkulatu dugu, eta bakar bat ere ez da babesekoa edo alokairu sozialekoa". Alberdik gogoratu du, HAPOn 510 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dela, eta horietatik 21 baino ez dira babesekoak.
PSE-EEk ere berbetan Iurreta tentsio handiko eremu izendatzea tresna "ezinhobea" da alokairuaren prezioa kontrolatzeko eta premia handiena dutenei etxebizitza bat lortzeko aukera emateko. EAJ ere bat etorri da neurriagaz, eta eskaria bideratuko dutela adierazi du Oskar Koka alkateak.
EH Bilduk eta PSE-EElk epe luzeagora begirako beste hainbat neurri ere proposatu dituzte. Besteak beste, etxebizitza hutsen errolda sortzea, etxebizitza izateko potentziala duen udal
ondarearen inbentarioa egitea, Bizigune programara aktiboki atxikitzea, etxebizitza larrialdiko udal protokoloa sortzea, gazteak eta baztertze arriskuan dauden familientzako alokairuetarako udal laguntzen berrikuspena, 2027. urteko arau fiskaletan etxebizitza hutsei OHZren gaineko errekargua %75era igotzea eta hutsik dauden etxeen jabeekin kontzientziazio- eta harreman- kanpaina bat antolatzea. Baita Berariazko Neurrien Plana idatzi eta garatzea, edota logelak modu gehiegizkoan azpimaiztertzea ikusaraztea eta babestea ere. Neurri horietako bat ere ez du onartu EAJk. Arrazoitu dutenez, "Iurretaren errealitate eta baliabideak" kontu hartu gabe proposatutako neurriak dira.
EH Bilduk nabarmendu du errealitatea zein den jakiteko azterketa bat egitea "beharrezkoa" dela.
"Eraikitzeko borondatea"
Gobernu-taldeak berretsi du "elkarrekin hitz egiteko eta eraikitzeko borondatea", mahai gainean jarritako proposamen "bideragarri asko" onartuz eta gidatuz, "baina jarrera irmoa mantenduz udal-diru-kutxen eta hirigintza-orekaren defentsan". Halaxe azaldu dute helarazi duten oharrean. Etxebizitzaren esparruan hainbat neurri hartzeko lanean diharduela adierazi dute. Tartean, behe solairuetan kokatutako lokalak etxebitza bihurtzeko ordenantza bat idaztea.
EH Bilduk Bideondoko udal jabetzako lursaila ez saltzea era eskatu izan du hainbat bider, eta partzela hori alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko erabiltzea. Horren aurrean, jeltzaileek diotenez, "partzela hori doan Jaurlaritzari lagatzeak justifikaziorik gabeko ondare-kaltea ekarriko liokeela herriari. Eragiketa horretatik eratorritako hirigintza-diru-sarrerak ezinbestekoak dira udalerri osoko auzo eta kaleetan beharrezkoak diren zerbitzu eta proiektuetan hobekuntza garrantzitsuak egiteko".