Iurretan etxebizitza "krisiari" aurre egiteko neurriak proposatu ditu EH Bilduk

Anboto 2026ko maiatzaren 29a

Bideondon 45 etxebizitza eraikitzea dago aurreikusita.

EAJk landutako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO), 510 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten du, "eta horietatik 21 bakarrik egongo lirateke babeseko erregimenean", EH Bilduk nabarmendu duenez. 

EH Bilduk Iurretako "etxebizitza larrialdiari" aurre egiteko helburuagaz, epe motzean hartzeko hiru neurri proposatu ditu: udalaren jabetzako lursailak ez saltzea, alokairuko  esfortzu-indizea eguneratzea eta behe solairuko lokaletan etxebizitzak sortzeko ordenantza arautzea. Neurri horiek hartzea "beharrezkoa" ikusten du koalizioak, "etxebizitzaren egoera hobetuko" dela eritzita. EH Bilduk gaia eztabaidatzeko ez-ohiko bilkura deitzeko eskaera erregistratu du udaletxean.

Iurretan datozen urteetarako proiektuak zehazten dituen Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO), 510 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten duela gogoratu du EH Bilduk, "eta horietatik 21 bakarrik egongo lirateke babeseko erregimenean", nabarmendu dutenez. 

EH Bilduko zinegotzi Maier Alberdik azaldu duenez, "alokairu sozialeko etxeak lehenesteko norabidean", udalaren jabetzako lursailak ezin dira saldu. “Bideondon onartuta dagoen enajenazioa bertan behera gelditzea eskatzen dugu, eta partzela hori alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko erabiltzea”. Alberdi gogoratu duenez,  udalaren jabegoko lur publikoan 45 etxe eraikitzea aurreikusi du gobernu taldeak.
"Horietatik 33 merkatu librekoak, eta 12 soilik tasatuak. Babes ofizialeko etxerik
ez, ez jabetzan ezta alokairuan ere", dio. "Udalak ez du etxebizitzak eraikitzeko
baliabide nahikorik", baina EH Bilduko zinegotzien ustez badaude aukera
desberdinak horrelako proiektuak aurrera ateratzeko, eta Abadiñokoa ipini
dute adibidetzat.

Bestalde, alokairuan dauden pertsonek etxea ordaintzerakoan egiten duten esfortzua neurtzen duen indizea eguneratzea beharrezkoa dela uste du EH Bilduk. "Herritarrek diru sarreren %30 baino gehiago bideratzen badute alokairua ordaintzera, eremua tentsionatu gisa izendatzeko aukera dago. Eta eremu tentsionatuetan, alokairuen prezioa mugatu daiteke", azaldu du Alberdik. Indize horren azken publikazioaren arabera, Iurretarrek egindako esfortzua %26koa zen 2022an. "Azken hiru urteetan alokairuen prezioa errenta baino gehiago igo
denez, oso posiblea da indize horren balioa %30a baino handiagoa izatea".

Azkenik, behe solairuko lokaletan etxebizitzak egiteko ordenantza onartzea proposatu du EH Bilduk. “Ordenantza horrek komertzioak babestu
beharko ditu, herriko erdigunea horretara bideratuz, eta erdigunetik kanpo
lokaletan etxebizitzak egiteko aukera eman behar du, beti ere araututa”,
azaldu du Alberdik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!