Iurretako Maiztegi herri eskolako zuzendaritzak, asteburuan, ikastetxean egindako "sabotaje eta bandalismo ekintzak" salatu zituen atzo. "Gure ikastetxeko espazioan baimenik gabe sartu eta bandalismo ekintzak egin dira", jakinarazi zuen ikastetxeko zuzendaritzak. Asteburuan izan diren gertakari horren aurrean, udalak "gaitzespen sutsua" adierazi du.
Udalak ohar batean azaldu duenez, "uste dugu ekintza horiek ez direla baldarkeriak hutsak,
baizik eta gazteen artean errespetu- eta iraunkortasun-balioak sustatzea helburu duen hezkuntza-proiektu baten aurkako eraso zuzena". Hori dela-eta, "beharrezko baliabide guztiak" jarri dira Udaltzaingoaren esku, "kalte horien erantzuleak identifikatzeko". Era berean, "herriko ondasun komunak arriskuan jartzen dituen edozein jokabide susmagarri salatzeko", herritarren laguntza eskatu dute. Udalak laguntza eta elkartasun osoa helarazi gura izan die zuzendaritza taldeari, irakasleei eta, bereziki, Maiztegi Herri Eskolako ikasleei.
Udal arduradunek gogoratu dute eskola-baratze berria suntsitu dutela eta hesietan kalteak eragin direla. Ikastetxeko bideetan pintura nahita isuri zela eman dute jakitera, eta ondoko obrako materiala ohiko tokitik kanpo aurkitu dela.