Iurretanko eskola publikoan, herriko eskolan, "sabotaje eta bandalismo ekintzak" egin dituztela salatu du bertako zuzendaritzak, Maiztegiko zuzendaritzak. "Ortu inguruko itxitura apurtu, hesiak txikitu eta eskolaz kanpoko esparrura bota dituzte. Ikastetxeko kanpo espazioko material ugari kaltetu dituzte. Horrez gain, komunitateak azken asteetan ilusioz erein eta landatutako fruituak kendu dituzte", azaldu dute.
Zuzendaritzatik azpimarratu gura izan dutenez, gertatutakoa "sabotaje argia" da, eskola komunitate osoari egin eta eragiten diona. "Gure eskola herriko eskola da, eskola publikoa. Azken asteetan ikasle, irakasle eta familien artean egindako lana elkarlanaren eta ilusioaren fruitua izan da. Horrelako ekintzek ez dute lekurik gure herrian, eta ziur gaude komunitateak ez dituela onartuko", gaineratu dute.
Bestalde, espazio publikoak zaintzea guztien ardura dela, eta beraiek euren espazioaren defentsan tinko jarraituko dutela nabarmendu dute.
Guraso elkartea amorratuta
Guraso elkarteko kideek ere eskola espazioan gertatutako salatu dute, eta gertakariak "amorru eta min" handia eragin duela azaldu dute. "Guraso elkartetik argi daukagu espazio publikoak erabiltzea oso garrantzitsua dela, denontzat direlako: elkartzeko, ikasteko eta elkarrekin egoteko lekuak direlako. Baina horretarako, zainduak eta errespetatuak izan behar dira", esan dute.
"Gure umeek, familiek eta eskolako langileek, denbora, ahalegin eta ilusio handia jarri dituzte proiektu honetan. Horregatik, egindako kalteak ez dira soilik materialak; denon lanari eta ilusioari ere eragiten diote. Gure herriko umeekin egindako proiektua da ortua. Esfortzu handiarekin sortutako proiektu bat, bihotzez eraikia eta bihotzez egina. Horrelako jokabideak salatu nahi ditugu, eta jendeari eskatzen diogu errespetuz jokatzeko. Azkenean, denona dena zaintzea guztion ardura bai da, eta horrela bakarrik mantendu ahal izango ditugu espazio hauek etorkizunean.", gaineratu dute.
Bukatzeko, ametsetako eskola eraikitzeko bidean, herri mailan hezkuntza espazioaren aldeko hautua egiteko eskaria luzatu dute.