Ertzaintzak 36 urteko gizonezko bat atxilotu du, joan zen barikuan Iurretako Smurfit Westrock paper fabrikaren kanpoaldean sortutako sutearen ondoren abiatutako ikerketaren baitan. Ustezko kalte-delitu bat egotzi diote.
Zauriturik ez zen egon baina sugar handiak sortu ziren, eta N-634 errepidea itxi behar izan zuten bi noranzkoetan. Gau guztian egon zen itxita errepidea, zapatuan goizeko 08:00ak inguruan zabaldu zuten arte. Ertzaintzak jakitera eman duenez, atxilotutako gizonezkoak enpresarekin lan harreman du. Atzo goizean atxilotu zuten, "sutearen ondoriozko kalteak eragitea" egotzita.
Ikerketa zabalik dagoela adierazi Ertzaintzak, ohar batean. Ertzain-etxean beharrezko eginbideak amaitu ondoren, atxilotua epailearen esku utzi dute gaur.